Pestañas

viernes, 28 de enero de 2011

BUDAPEST: uraren hiria


Joan baino lehen lagun batek esan zidan Budapest bi aldiz ikusi behar zela: bata gauez eta beste egunez. Bi partez osatuta dago, antzina bi hiri zirenak, Buda eta Pest eta Danubio ibaiak banatzen ditu. Ibai osoan zehar zubiak daude, eta zubi horiek argiztapen berezia dute gaueko lehen orduetan, izan ere Budapesteko argiztapena bere eraikinen handitasunarekin bakarrik konparatu daiteke. Historia usaintzen da bere enparantza eta kaleetan zehar, eta ibaiaren ibilbidea jarraituz, Danubio Urdinaren melodia etortzen da bisitarien buruetara behin eta berriro.

Ez dugu ahaztu behar Hungaria Europa ekialdeko herrialdea dela, eta oraindik ere atzerapen batzuk dituztela. Edo hori behintzat nabaritu nuen nik Suedian urte bat eman ostean. Aireportuan hiri erdigunera joateko txartelak erosi genituen: autobuserako lehenengo eta gero metrorako. Metroa ikusi genuenean sartu eta txartela balioztatzea ahaztu genuen. Gure geltokira heltzerakoan metroaren bi arduradun zeuden, zutik, gu itxaroten (hala zirudien) gure txartel balioztatuaren eske. Azaldu genien turistak ginela eta balioztatu gabeko txartela erakutsi genien. Isuna jaso genuen: 8.136 HUF. Bihotzekoaren ostean aldaketa egin eta 30€ besterik ez zela konturatu ginen.


Budapesteko gauak zoragarriak dira. Oso hiriburu kulturala da, eta hori gau-bizitzan nabaritzen da: musika, lokal alternatiboak, zuzeneko kontzertuak etab. Musika oso presente dago beti Budapesten, baina gauez protagonismo berezia hartzen du. Antzinako fabrikak birdekoratu eta club edo pub modura moldatu dituzte. Taberna hauen altzariak Budapest hiriaren eklektikotasunaren isla dira.


Bainuetxeak dira Budapesten beste adierazgarri, hiriaren lur-azpitik mugitzen diren ur termalek ahalbidetzen dute hau. Gu Széchenyi balneariora joan ginen, oso merkea eta benetan miresgarria. Eraikinaren kolore horiak ez zion dotoretasuna kentzen, aldiz, izaera berezia ematen zion. Kanpoko igerilekuetara sartzeko txartela erosi genuen eta euro apur batzuen truke gaueko 10ak arte egon ginen ur beroaz eta gau hungariarraz gozatzen. Horrexegatik penaz gogoratzen dut pasadan urteko isurkinak, izatez Budapest uraren hiria delako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario