Egun hauetan Berlinale zinema jaialdia ospatzen ari da Berlinen, eta egun hauetan bi urte egin ditu han egon nintzela. Zinema festibal bat hain gertutik ikusten nuen lehenengo aldia izan zen, ez bai nintzen inoiz egon Donostiakoan, eta glamourezko mundu hartan aurkitu nuen nire burua; alfonbra gorria, argi itsugarri eta noren zain zegoen jendearen artean. Hotz handia egiten zuen, eta ez geratzea erabaki genuen, hala ere argazki bat gordetzen dugu oroigarri moduan. “Ander” pelikula lehiaketaren parte zen, eta etxetik kanpo dagoenaren sindromea gureganatuz, filma ikusteko ahalegina egin genuen, hemen egonda beharbada inoiz ikusi ez genukeen pelikula.
Berlin zinema festibal bat ikusteko aitzakia baino askoz gehiago da. Historia unibertsalean berebiziko garrantzia izan duten gertakizunen lekuko izan da Berlin. Eta gaur egun ere sama historiko guzti hori eramaten jarraitzen duela ikusi daiteke kaleetan zehar. Berlin ez da hiri bat, bi hiri dira. Urteak pasa dira, eta Europako ekonomiarik indartsuena izanda, ekialde eta mendebaldeko Alemanien desberdintasunak nabariak izaten jarraitzen dute. Horixe izan zen Berlina ailegatu eta atentzioa eman zigun lehenengo gauza: ez da luxuz betetako hiria, ez dago etxe dotorerik, erdigunetik aldenduz gero oraindik berreraikitzeko prozesuan jarraitzen duen gunea aurkitu dezakegu. Kontrastez betetako hiria daukagu begien aurrean.
Hala ere, eraikinen dotoretasun edo handitasun falta horrek ematen dio Berlini nortasun berezia. Pairatutakoa erakusten duten harriak ditu eta horiek derrigorrezko ikustaldiak dira. Brandemburgoko atea, holokaustoaren monumentua, parlamentua, oraindik zutik geratzen diren harresi zatiak, Check Point Charlie-a (AEBetako eta Sobiet Batasuneko parteen arteko pasabidea), Sachsenhausen Kontzentrazio eremua, etab. Oso esperientzia aberasgarria nahiz eta momentu batzuetan oso gogorra ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario