Pestañas

jueves, 27 de enero de 2011

Itoitz urtegia eta Irunberriko haitzebakia: naturaren adierazpide kontrajarriak



Nafarroako herrixka txiki batzuk eta bi erreserba natural urperatu zituen Itoitz urtegiak. Antza denez, Nafarroako hegoaldea ureztatzeko ezinbestekoa. Interes kontrajarriak egon ziren bere garaian, honelako makro-eraikuntza bat planteatzen den bakoitzean gertatzen den moduan. Gaur egun ere, polemika bizirik dago. Lur-mugimenduengatik arazorik egongo ez ote den esaten dute batzuek, besteek lekurik aproposena topatu zutela mantentzen dute. Polemika dela eta, jakin-mina dela eta bertara gerturatu nintzen orain dela gutxi.

Atentzioa eman zidan lehenengo gauza isiltasuna izan zen. Naturaz inguratuta geunden: landarez, zuhaitzez eta animaliaz, baina hauek ez zuten ekosistema baten iskanbila sortzen: sufrimendua oihu isil batean bihurtzen zen. Urak estaltzen zuen guztia hilda zegoen, eta uraren maila jaisten denean eremu zuri bat ikusi daiteke, hildako zuhaitzak dira. Urak bizitza dakar, baina Itoitzen ura mendiaren odola dirudi.

Sentsazio honek Nafarroako errepideetan zehar lagundu ninduen Irunberriko haitzebakira heldu arte. Han ikusi nuen naturaren benetako indarra eta miragarria iruditu zitzaidan. Errekatxo batek denboraren laguntzaz 400 metroko pareta bertikalak eraikitzea lortu du . Antzina trenbideak Irati errekaren ibilbide berdina marrazten zuen eta gaur egun bere 1.300 metroetan zehar paseatzeko aukera bikaina eskaintzen du. Haitzaren kolore gorrixka eta errekaren tonu berde-urdinak ikusgarriak dira, baina haitzebakiaren protagonistak beste batzuk dira: sai erreak. Penintsulako koloniarik garrantzitsuenetakoa bertan kokatzen da. Eremuaren geografia beraien beharrizanetara moldatzen da eta bisitari guztien gainetik hegan egiten dute; haiek dira lekuaren errege.


1 comentario:

  1. Konparazio bikaina benetan, biak naturaren adierazpen oso ezberdinak dira eta primeran islatu duzu bi tokiak bisitatzeak sortzen dituen sentipenak.
    Zorionak blog sarrera honengatik!

    ResponderEliminar