Pestañas

viernes, 10 de diciembre de 2010

Loirako Gazteluak

Duela pare bat egun aurreratu nizuen moduan aste honetan izan dugun zubi luzea aprobetxatu eta Frantziako erdialdera mugitu naiz, bertako gazteluek erakarrita.

Bertan bi lagun ditut lanean, beraz, haien gonbidapenari jarraituz hain ospetsuak diren gazteluak eta paisaiak ikusteko irrikaz hasi nuen bidaia. Kotxez joan ginen, eta egia esan nahiko astuna egin zitzaigun, Plentziatik Blois-raino 10 kotxe ordu izan genituen eta. Hara heldu eta lehenengo gauza: Elurra. Kalea guztiak elurtuta zeuden eta horrek ukitu magikoa eman zion bestela erdi goibel izango litzatekeen inguruneari.

Bisitatu genuen lehenengo gaztelua Chambord-ekoa izan zen: gogor hasi ginen, handiena eta ospetsuena bisitatuz. Goiz-goizean heldu ginen gazteluko ingurunetara eta eguzkiak botatzen zituen lehenengo izpiek ez zuten indarra elurra urtzeko, ez eta gure gorputzak berotzeko ere. Historia klasetxo bat izan genuen nire lagunaren esku: Chambord gaztelua ehizarako lekua baino ez zela, 400 gela baino gehiago dituela eta Erregearen gorte ibiltariak ez zuela denbora gehiegirik bertan pasatzen, izan ere Loira ibaiaren ertzetan zehar 42 gaztelu eraiki zituzten. Gaztelu guztiek, edo gehienek, Frantziako garai eta etapa desberdinak erakusten dituzte. Gehienak erdi aroan eraiki ziren baina ehunka urteetan zehar birmoldatu, eraldatu edo osatu izan dituzte.

Ikusi genuen bigarren gaztelua Cheverny izan zen. Gaur egun familia baten propietate pribatua da, bertan bizi dena, horrexegatik gazteluaren parte guztiak ez daude ikusgai. Gaztelu hau askoz abegikorragoa da, kalefakzio ona dauka, eta garai bateko altzariak mantentzen dituzte.

Hirugarren gaztelua nire gogokoena zena: Chenonceau. Argazkietan ikusita nuen eta harrigarria iruditu zitzaidan, ibaia zeharkatzen duen zubi itxura duen gaztelua baita! Baina hara heldu nintzenean, nolabait dezepzionatu egin zidan. Askoz handiagoa izatea espero nuen, eta ikusgarriagoa, baina eguraldi txarra zela eta, nituen itxaropen handiak zirela eta, gutxiago iruditu zitzaidan. Barrura sartu ginenean, ordea gauza aldatu egin zen: Gabonetako apaingarriz betea zegoen eta II. Mundu Gerran ospitale moduan funtzionatu zuenez, gazteluaren sotoa garai hartako sukalde erraldoia zen; niretzat gazteluaren benetako altxorra.

Amboise-eko gaztelua izan zen laugarrena eta egia esateko Leonardo Da Vinci-ren azkenetako egoitza izateaz gain ez nion ezer berezirik aurkitu. Gaur egun gazteluaren laurdena baino gutxiago mantentzen de, eta bi egunetan ikusten genuen laugarren gaztelua zen, beraz inpresio gutxi egin zidan. Esatekoa da, ordea, gaztelutik ikusten diren Amboise-eko herrixkaren bistak zoragarriak direla. Denboran atzera 100 urte joango bagina, herria berdin mantenduko dela ematen zuen.

Bisitatutako azken gaztelua Blois-ekoa izan zen. Bosgarrena izanda, harritzeko eta liluratzeko aukera gutxi zituen, baina lortu zuen. Bloiseko gazteluak besteek ez daukaten koadro eta margo bilduma handia dauka, Da Vinici-k burututako eskailera berezia: amoranteen eskailera, eta argazkiak egiteko tronua!! Azken urteetan pelikulak egin omen dira gaztelu horretan eta atrezzoaren parte zen tronua bisitarien esku utzi dute, denok momentu batean Errege moduan sentitzeko aukera izan genuen!

Gaztelu guztiak ikusigarriak dira, patroimonio handia daukate Frantziarrek bertan eta jakin badakite. Frantzia barneko turismoaren bigarren helburua da zonalde hau, eta merezi du horrela izatea. Ez gazteluengatik bakarrik, baizik eta gazteluak inguratzen duten herri, baso eta eremuengatik. Zaintzen dituzte eta hori da haien altxorrik handiena.


No hay comentarios:

Publicar un comentario