Pestañas

Mostrando entradas con la etiqueta MKM. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta MKM. Mostrar todas las entradas

martes, 15 de febrero de 2011

Euskara


Gaurtik aurrera euskarari buruzko albiste, gogoeta eta artikuluak eskegiko ditut blogean. Ongietorria euskara, multimediaren mundura.

Hasierako post honetarako Argitxo Iratxoa ekarri dut gurera. Bizidun nimiño hau basoetan bizi zen, baina ikastoletara noizbehinka jaisten zen euskararen erabilera sustatzeko. Lau urteko gelan geundela begiak ixtea eskatzen ziguten eta Argitxo oihukatzea. Begiak irekitzen genituenean han zegoen iratxo magikoa eta magikoa zenez magiaz agertu eta desagertzen zen. Eta magiaz ere ekarri zuen euskara nire bizitzara. Etxean ez, lagunen artean noizbehinka, baina egun batean, magiaz, euskara nekien. Horrexegatik Ikastola eta Argitxori eskerrak eman behar dizkiot, oraindik ere Argitxo gogoratzen dut, eskuan kriseilua eta buruan txanoa ….

Argitxoren kanta

Neri deitzen didate
Argitxo iratxoa
eskuan kriseilua,
buruan txanoa.
Txiki-txikia naiz ni,
mendiko magoa,
leizezuloa utzi
(e)ta hirira noa.

Harri murri zap(at)ero
bero, bero, bero
haurrak egin euskaraz
orain eta gero!

Ni ezkutatzen naiz
edozein txokotan:
motxilan, poltsikoan
edota karnetan.
Egunez ikastolan
nabil gehienetan
(e)ta gauetan sartzen naiz
haurren ametsetan.

Harri murri...

Ezin nauzu ikusi
ez eta ikutu
baina Argitxok beti
zu ikusten zaitu.
Eta ni nahi banauzu
gertutik sentitu
faborez eta masedez
euskaraz mintzatu.

Harri murri...

Gauza harrigarriak
egiten badakit
magia ikasi nuen
txiki-txikitatik
opari asko dauzkat
zuentzat gorderik,
jolasorduak ere
luza ditzaket nik.

Harri murri...

Letra blog honetatik hartuta dago

viernes, 11 de febrero de 2011

Berlin: harrien historia



Egun hauetan Berlinale zinema jaialdia ospatzen ari da Berlinen, eta egun hauetan bi urte egin ditu han egon nintzela. Zinema festibal bat hain gertutik ikusten nuen lehenengo aldia izan zen, ez bai nintzen inoiz egon Donostiakoan, eta glamourezko mundu hartan aurkitu nuen nire burua; alfonbra gorria, argi itsugarri eta noren zain zegoen jendearen artean. Hotz handia egiten zuen, eta ez geratzea erabaki genuen, hala ere argazki bat gordetzen dugu oroigarri moduan. “Ander” pelikula lehiaketaren parte zen, eta etxetik kanpo dagoenaren sindromea gureganatuz, filma ikusteko ahalegina egin genuen, hemen egonda beharbada inoiz ikusi ez genukeen pelikula.

Berlin zinema festibal bat ikusteko aitzakia baino askoz gehiago da. Historia unibertsalean berebiziko garrantzia izan duten gertakizunen lekuko izan da Berlin. Eta gaur egun ere sama historiko guzti hori eramaten jarraitzen duela ikusi daiteke kaleetan zehar. Berlin ez da hiri bat, bi hiri dira. Urteak pasa dira, eta Europako ekonomiarik indartsuena izanda, ekialde eta mendebaldeko Alemanien desberdintasunak nabariak izaten jarraitzen dute. Horixe izan zen Berlina ailegatu eta atentzioa eman zigun lehenengo gauza: ez da luxuz betetako hiria, ez dago etxe dotorerik, erdigunetik aldenduz gero oraindik berreraikitzeko prozesuan jarraitzen duen gunea aurkitu dezakegu. Kontrastez betetako hiria daukagu begien aurrean.

Hala ere, eraikinen dotoretasun edo handitasun falta horrek ematen dio Berlini nortasun berezia. Pairatutakoa erakusten duten harriak ditu eta horiek derrigorrezko ikustaldiak dira. Brandemburgoko atea, holokaustoaren monumentua, parlamentua, oraindik zutik geratzen diren harresi zatiak, Check Point Charlie-a (AEBetako eta Sobiet Batasuneko parteen arteko pasabidea), Sachsenhausen Kontzentrazio eremua, etab. Oso esperientzia aberasgarria nahiz eta momentu batzuetan oso gogorra ere.

viernes, 28 de enero de 2011

BUDAPEST: uraren hiria


Joan baino lehen lagun batek esan zidan Budapest bi aldiz ikusi behar zela: bata gauez eta beste egunez. Bi partez osatuta dago, antzina bi hiri zirenak, Buda eta Pest eta Danubio ibaiak banatzen ditu. Ibai osoan zehar zubiak daude, eta zubi horiek argiztapen berezia dute gaueko lehen orduetan, izan ere Budapesteko argiztapena bere eraikinen handitasunarekin bakarrik konparatu daiteke. Historia usaintzen da bere enparantza eta kaleetan zehar, eta ibaiaren ibilbidea jarraituz, Danubio Urdinaren melodia etortzen da bisitarien buruetara behin eta berriro.

Ez dugu ahaztu behar Hungaria Europa ekialdeko herrialdea dela, eta oraindik ere atzerapen batzuk dituztela. Edo hori behintzat nabaritu nuen nik Suedian urte bat eman ostean. Aireportuan hiri erdigunera joateko txartelak erosi genituen: autobuserako lehenengo eta gero metrorako. Metroa ikusi genuenean sartu eta txartela balioztatzea ahaztu genuen. Gure geltokira heltzerakoan metroaren bi arduradun zeuden, zutik, gu itxaroten (hala zirudien) gure txartel balioztatuaren eske. Azaldu genien turistak ginela eta balioztatu gabeko txartela erakutsi genien. Isuna jaso genuen: 8.136 HUF. Bihotzekoaren ostean aldaketa egin eta 30€ besterik ez zela konturatu ginen.


Budapesteko gauak zoragarriak dira. Oso hiriburu kulturala da, eta hori gau-bizitzan nabaritzen da: musika, lokal alternatiboak, zuzeneko kontzertuak etab. Musika oso presente dago beti Budapesten, baina gauez protagonismo berezia hartzen du. Antzinako fabrikak birdekoratu eta club edo pub modura moldatu dituzte. Taberna hauen altzariak Budapest hiriaren eklektikotasunaren isla dira.


Bainuetxeak dira Budapesten beste adierazgarri, hiriaren lur-azpitik mugitzen diren ur termalek ahalbidetzen dute hau. Gu Széchenyi balneariora joan ginen, oso merkea eta benetan miresgarria. Eraikinaren kolore horiak ez zion dotoretasuna kentzen, aldiz, izaera berezia ematen zion. Kanpoko igerilekuetara sartzeko txartela erosi genuen eta euro apur batzuen truke gaueko 10ak arte egon ginen ur beroaz eta gau hungariarraz gozatzen. Horrexegatik penaz gogoratzen dut pasadan urteko isurkinak, izatez Budapest uraren hiria delako.

jueves, 27 de enero de 2011

Itoitz urtegia eta Irunberriko haitzebakia: naturaren adierazpide kontrajarriak



Nafarroako herrixka txiki batzuk eta bi erreserba natural urperatu zituen Itoitz urtegiak. Antza denez, Nafarroako hegoaldea ureztatzeko ezinbestekoa. Interes kontrajarriak egon ziren bere garaian, honelako makro-eraikuntza bat planteatzen den bakoitzean gertatzen den moduan. Gaur egun ere, polemika bizirik dago. Lur-mugimenduengatik arazorik egongo ez ote den esaten dute batzuek, besteek lekurik aproposena topatu zutela mantentzen dute. Polemika dela eta, jakin-mina dela eta bertara gerturatu nintzen orain dela gutxi.

Atentzioa eman zidan lehenengo gauza isiltasuna izan zen. Naturaz inguratuta geunden: landarez, zuhaitzez eta animaliaz, baina hauek ez zuten ekosistema baten iskanbila sortzen: sufrimendua oihu isil batean bihurtzen zen. Urak estaltzen zuen guztia hilda zegoen, eta uraren maila jaisten denean eremu zuri bat ikusi daiteke, hildako zuhaitzak dira. Urak bizitza dakar, baina Itoitzen ura mendiaren odola dirudi.

Sentsazio honek Nafarroako errepideetan zehar lagundu ninduen Irunberriko haitzebakira heldu arte. Han ikusi nuen naturaren benetako indarra eta miragarria iruditu zitzaidan. Errekatxo batek denboraren laguntzaz 400 metroko pareta bertikalak eraikitzea lortu du . Antzina trenbideak Irati errekaren ibilbide berdina marrazten zuen eta gaur egun bere 1.300 metroetan zehar paseatzeko aukera bikaina eskaintzen du. Haitzaren kolore gorrixka eta errekaren tonu berde-urdinak ikusgarriak dira, baina haitzebakiaren protagonistak beste batzuk dira: sai erreak. Penintsulako koloniarik garrantzitsuenetakoa bertan kokatzen da. Eremuaren geografia beraien beharrizanetara moldatzen da eta bisitari guztien gainetik hegan egiten dute; haiek dira lekuaren errege.


domingo, 23 de enero de 2011

8. Zeregina

Euskal Herriko zibermedioei erreparatuz gero, ikus-entzunezko produktuak batez ere ikus eta batez ere bideoak direla ikusiko dugu, argazkiak alde batera utzita.

Gaur egungo euskarazko interneteko hedabideen ikus-entzunezko produktuen ustiaketa aztertu behar badugu moldaketa bati buruz hitz egin behar dugu: orain arte egiten zen kazetaritza tradizionalari plus bat gehitu behar zaio: multimedia euskarria. Euskarri berri honek berrikuntzak ekarri ditu. Nola moldatu dira, baina, gure hedabideak?

EiTBk abantaila handia dauka: etb1eko bideoak hartu ditzake. Hala ere, webgunean eskegitzen dituzten bideoak ez dira, orokorrean, albistearen osagarri. Ez dira webgunerako propio ekoiztutako bideoak, eta normalean albistean esaten den berdintsua adierazten dute. Beste bi medioek (berria.info eta argia.com-ek) esfortzu berezia egin behar izan dute teknologia berriak beraien onurarako erabiltzen. Beste webgune digitaletan gertatzen den modu berean, euskaldunei ere gabezia batzuk ikusten zaizkie. Ziber-hedabide hauen albisteen ehuneko handi batek testu idatziz eta irudiz bakarrik baliatzen dira oraindik ere, bideo bakar batzuk kokatuz.

Bideoen produkzioa eskasa da, oro har. Berriak BerriaTBtik hartutako bideoak erabiltzen ditu albistea janzteko. Bideoen ekoizpen propioa egiten dute, baina edizioa eta muntaketa oso sinplea da, ez dago batere landua. Bata bestearen atzean jarritako irudiak besterik ez dira.

Argia.comek multimedia sekzioa gutxinaka elikatuz doa. Bideo gutxi daude, baina daudenak produkzio propioak dira eta kalitatez egindakoak. Hala ere, albisteak idatzizkoak hala bideoan oinarritutakoak izan behar dutela ematen du, bi kategoria horiek bata bestearen osagarri ez balira moduan.

Badirudi hedabideek aukeraketa baten aurrean kokatu direla, eta haien erabakia bide bakar batetik joan daitekeela: Euskarri multimediara moldatu behar dira. Nola eta noiz haien aukeraketa da. Faktore askok eragiten dute horretan: prestakuntza, egoera ekonomikoa, etab. Hala ere, euskarazko komunitate txikiaren onurarako, kalitatezko produktuak ekoiztea aukeratzea espero dut. Horretarako osagarritasun kontzeptua argi izan behar dute: bai euskarri desberdinen artean eta baita lanean dabiltzan profesionalen artean.