Pestañas

miércoles, 3 de noviembre de 2010

LAPONIA III

LAPONIA II eta LAPONIA I
Abiskon ikusiko genituen aurora borealak. Esan ziguten moduan, Abiskoko parke naturalean ematen ziren baldintzarik hoberenak argi mirezgarri hauek ikusteko: Mendi baten parean zegoen kanpamendua, eta beraz, hodeiek ez zuten zerua estaliko. Aurora boreala ipar hemisferioan esaten zaio eta hegoaldean aurora australa. Beti ere baldintza egokiak eman behar dira: tenperatura oso baxua. Abisko kanpamendua zurezko etxolaz betea zegoen, etxola bakoitzak 20 bat logela zituen, sukaldea eta sauna!

Saunan sartzea eta erlaxatzea izan zen gure lehenengo ideia, baina proposamen erakargarriago bat egin ziguten: Parke naturalaren erdian, lakuaren parean dagoen beste sauna bat bisitatzea eta tenperatura egokira ailegatu ezkero korrika lakura sartzea eta ez izoztuta zegoen ur apurretan murgiltzea. Hasieran sustoa eman zigun baina pentsatu genuen esperientzia errepika ezina zela, eta hori zela gure momentua. Saunarako bidean ez zegoen argirik, ez eta errepiderik. Gidak argi iturri bakarra zeraman. “Zatozte guztiok hona” esan zigun giak “ez zaitezte banatu, edo atzetik gelditu. Pasadan astean beste talde bati oreinandi eme erraldoi bat atera zitzaien”.

Saunara heldu eta berehala sartu ginen, 20 pertsona sauna horretan eta ez zuen berorik egiten! Antza denez, saunan sartu baino 60 minutu lehenago piztu behar da, erabiltzerakoan 60 gradutako tenperatura izan dezan. Ordu erdiz egon ginen tenperaturara egokia lortzeko zain, baina ez ginen 80gradura heldu. 50 gradutan geundenean animatu (edo aspertu) ginen eta guztiok elurretara atera ginen. Esperientzia…. berezia izan zen. Saunatik laku ertzera 200 bat metro zeuden eta inoiz ibilitako 200 metrorik luzeenak izan ziren. Elurra, izotz bihurtuta zegon eta behin eta berriz laprast egiten nuen. Lakura heldu orduko jendeak kontrako bidea egiten zuen. Eskuarekin ura ukitu eta segituan berriz ere saunara bueltatu nintzen. Ez zen espero nuen bezalakoa izan, baina gutxienez barretxo batzuk bota genituen.

Kanpamendura heldu, dutxa bero hartu eta 9etan afaltzen hasi ginen samiei erositako elur-orein haragia. Norbait korrikan sartu zen sukaldean “AURORA BOREAAAAAAAALLL!!!!!!!!!!!” oihukatu eta guztiok ziztu bizian irten ginen kanpora. Egia esan ez zen oso ikusgarria, zeruan hori koloreko argi oso leuna ikusten zen bakarrik. Hori hasiera besterik ez zela esan ziguten eta beraz, 3 ordu eman genituen elurretan benetako kolore eztandaren zain. Baina ez zen horrelakorik gertatu (hau ikusi genuen). Gauerdirako guztiok ohean ginen oso nekatuta eta berriz ere Laponiara bueltatzeko aitzakiarekin: aurora boreala ikustea.

1 comentario: